Bizikletak konpontzeko ikastaroak, ikastetxeetara

Errenteriako Udalaren egitasmo baten barruan, Mikel Ugartemendia txirrindulari ohiak txirringak konpontzeko oinarrizko ezagutzak azalduko dizkie ikastetxeetan 14 eta 18 urte arteko gazteei, ikasturtean zehar.

2024-2025 ikasturteari begira, Errenteriako Udalak egitasmo berri bat jarri du martxan Mikel Ugartemendia txirrindulari ohiarekin. Iniziatiba horren baitan, Ugartemendia ikastetxez ikastetxe ibiliko da, eta 14 eta 18 urte arteko gazteei bizikletak konpontzeko ikastaroak emango dizkie. Egitasmoaren helburua da herriko gazteek txirringak konpontzeko oinarrizko ezagutzak bereganatzea.

Txirrindulari ohiak bizikletan matxurak izatean konponketak nola egiten diren azalduko die ikasleei; eta, besteak beste, honakoen inguruan mintzatuko da haiekin: katea bere tokitik ateratzen denean nola jartzen den berriz bere lekuan; zulaturen bat izatean gurpila nola kendu behar den; kamara aldatzeko urratsak zeintzuk diren; gurpila berriz nola jartzen den; zulatutako kamara horri partxea jartzeko egin beharreko urratsak zeintzuk diren; edo txirringaren gutxieneko mantenua nola egin behar den.