Eskola Agenda 2030 programa berria abian da Errenteriako ikastetxeetan

Aurtengo Eskolako Agenda 2030 programak 16 urte beteko ditu. Eta oraingoan, berrikuntza bati
emango dio hasiera! Iazko ikasturtean, lanketarako aukeratutako Garapen Jasangarrirako
Helburua 7. izan zen: Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea. Ikastetxeetako eta herriko
diagnostikoa egiteaz gain, ikasleek hainbat ekintza aukeratu zituzten lehentasunezkoak.


Ekintza horiek hurrengoak dira: eskolara oinez joatea, herriko puntu beltzetan argitasuna sartzea
eta komunitate energetikoen mezua herritarren artean zabaltzea. Aurten, esku-hartze plana jarriko
dute martxan, beraz, teoriatik praktikara doaz.


Lehenik eta behin, ikastetxean proposamenak landu eta ondoren, azaroaren 28an burutu den
Eskola arteko Foroan, ideiak bateratu dituzte. Hartutako erabakiekin, udaletxera joango dira
alkatearekin biltzera. Hitzordua, abenduaren 5ean dute. Eskola Udal Foro honetan, Aizpea Otaegi
alkateak 2022-2023 ikasturtean aurkeztutako proposamenei erantzuna emateaz gain, ikasle
ordezkariek ikasturte honetarako prestatutako Esku-Hartze plana aurkeztuko dute.
Bi ikasturtetako zikloa martxan da, hemendik aurrera, herriko haur eta gazteen parte-hartzea
ekintza zehatzetan gauzatuko delarik.